Fotografía de la euskal selekzioa junto a la selección catalana en la copa de naciones 2025

Euskal Selekzioak Espainia mailan errekonozimendu ofiziala lortzeko pauso berri bat eman du

Gaur, abuztuak 3, Euskadi Quadballek estatutu aldaketa proposamen bat egin du Asociación Quadball Españako (AQE) batzarrean, elkartearen barnean selekzio nazionalen existentzia eta garapena onartzeko asmotan.

Bai Euskadi Quadballeko Zuzendaritza Batzordeak eta bai Bizkaia Boggarts klubak aurkeztu aurretik onetsitako ekimen honek AQEren estatutuek urteetan zehar existitu den kirol errealitate bat islatzea du helburu. Euskal Selekzioaren kasuan, bere bidea 2018an hasi zen Gasteizen ospatutako Eskualdearteko Kopan eta ordutik nazioarteko hainbat lehiaketetan izan da euskal quadballaren ordezkari.

Bidaia honetako pauso erabakigarri bat 2024ko urriaren 16an gertatu zen, AQEko batzarrak Euskal Selekzioak 2025eko Munduko Txapelketan parte hartzeko eskaeraren alde bozkatu zuenean. Parte hartzeko Espainiako elkartearen baimena behar zen, baita Nazioarteko Quadball Elkartearen (IQA) aitorpena ere. Horrek, bi erakundeen aldetik Euskal Selekzioaren lehen errekonozimendu ofiziala ekarri zuen. Prozesu honen ondorioz Euskal Herriak Brusela-Tubizen (Belgika) ospatutako 2025eko Munduko Quadball Txapelketan lehiatu ahal izan zuen uztailaren 11tik 13ra, eta bertan 22. postua lortu zuen mundu mailan.

Esperientzia honek bost urte baino gehiagoko historia duen kirol proiektu honen sendotzea erakusten du. Eta hazten jarraituko du Salouen jokatuko den European Games 2026, Europako selekzio nazionalen txapelketan, parte hartzeko asmoarekin.

Proposamen honek Eskualdeko Selekzio Nazionalak ofizialki aitortu, haien aitorpenerako baldintzak ezarri eta elkartearen barruan duten funtzionamendua definitzen du. Hau AQEko araudian txertatzea da helburua, beti ere quadballaren hazkundea sustatzeko, nazioarteko ordezkaritzarako aukerak zabaltzeko eta kirolaren parte diren erakunde desberdinen arteko lankidetza indartzeko xedearekin.

Nazioarteko kirol batean Euskal Selekzioaren aitortza ofiziala oso gutxitan ematen den gertaera da. Euskadi Quadballentzat errekonozimendu honek quadballa aniztasunarekin eta inklusioarekin konprometitutako kirola dela erakusten du, hauek iraganean bere garapena definitu duten balioak izanik. Eta aniztasun hau ez da kirol honek ezaugarri bezala duen genero-alderdira mugatzen, identitate nazional desberdinen errespetura eta ordezkaritza-eredu anitzen elkarbizitzara ere zabaltzen da.

Prozesu honekin Euskadi Quadballek kirolaren garapenarekiko eta aniztasuna islatzen duen antolakuntza-eredu bat eraikitzeko duen konpromezua berresten du, parte-hartze handiagoa sustatuz eta jokalari eta klubentzako aukera berriak sortuz.

Proposamen hau AQEko batzar nagusian aurkeztu eta eztabaidatuko da, bere estatutuetan ezarritako prozedura jarraituz.

Jarraian, aurkeztutako zuzenketa kontsulta dezakezu:

Quadballa Urdulizeko LanPartyan: Prest… Urduliz Link Up!

Euskadi Quadballek hilabete honetan ospatuko den Urduliz Link Upekin, teknologia eta gaming-aren jaialdi handiarekin, egin du bat. Ekainaren 20 eta 21ean bertaratzen zareten guztiok gure standetik pasatzeko aukera izango duzue quadballari buruz galdetzeko, baita kirola probatzeko ere.

Quadballa errugbia, eskubaloia eta brilea konbinatzen dituen kirol misto eta inklusiboa da. Euskadi Quadballek informazio postu bat eramango du Lan Partyra eta kirola ezagutzeko jarduera ezberdinak antolatuko ditu.

Hastapenerako doako txapelketa

Urduliz Link Upen quadballaren inguaren informatzeaz gain lanparty honetarako esklusiboki sortutako doako txapelketa batean parte hartzeko aukera izango duzue ere. Formulario hau betetzen duzuen guztiok zuen lehen lehiaketa jokatu ahal izango duzue, kirola probatu eta bere xarma zuzenean ezagutu ahal izateko.

Txapelketa honetarako talde mistoak sortuko ditugu zoriz parte-hartzaile guztiekin. Taldeek partidu azkar batzuk jokatuko dituzte quadballaren inguruan ikasi eta benetako lehiaketa baten esperientzia bizitzeko. Txapelketa hau ezin hobea da quadballean jokatzeko irrikitan zaudetenontzat eta lotsak eta beldurrak kendu nahi dituzuen guztiontzat.

Quadball eta bideojokoak?

Ziuraski ez zenekiten, baina badira jada gure kirolean oinarritutako hainbat joko. Eta ez, ez gara Quidditch Champions edo Harry Potter: Quidditch World Cup jokoei buruz ari. Quadballaren elkarte barruan sortu diren jokoei buruz ari gara, IQAren arautegi ofiziala jarraituz.

Courtyard Broomball

Izen bitxia, ezta? Courtyard Broomball 2018an sortu zen, gure kirola quadball izenera aldatu baino lehenago, eta quidditch izenak zekarren copyright demanda saihestu behar izan zuen. Early Acessetik atera ez zen joko honetan benetako jokalariekin jokatu zaitezke; Héctor Cabrera bera izan dezakezu zure taldean bilatzaile gisa adibidez.

Trihoop

Trihoop beste eskapada bat da Warner Brosen copyrightari ihes egiteko. Proiektu berri honetan quadball talde baten entrenatzaileaizango zara eta kontrako taldearen eraso eta defentsei aurre egiteko estrategia ezberdinak aukeratu beharko dituzu. Horretarako, defentsa eta erasorako formazio ezberdinak izango dituzu. Gai izango al zara eraso eta defentsa bakoitzaren indargune eta ahuluneak aurkitzeko?

Gainera, ez duzu zertan edozein talderekin jokatu. Euskal Selekzioaren entrenatzailearen lekua har dezakezu eta 2025eko Quadball Mundu Kopan Eskoziaren aurkako partidua berriro bizi ahalko duzu. Benetako partiduan, Euskadik 22.postua lortu zuen garaipen horrekin.

Euskadi eta Eskozia aurrez-aurre Trihoopen web orrialdeko pantaila-irudian.