Euskadi Quadballen podcasta: hasi da lehen atala

Euskadi Quadballek beste pauso bat eman du kirola sustatzeko apustuan eta bere podcast propioa estreinatu du. YouTuben jada ikusgai, lehen atal honek ate berri bat irekitzen du quadballaren inguruan hitz egiteko modu berri batekin: filtrorik gabe eta barrutik bizi duten pertsonekin.

Gune berri bat quadballarentzat

Quadballa jende gehiagorengana eramatea izan da betidanik Euskadiko Quadball Elkartearen helburuetako bat. Sare sozialak, txapelketan, hitzaldiak ikastetxeetan… eta orain podcasta.


Lehen atala Ane eta Adrik aurkezten dute. Oso ibilbide desberdina duten Bizkaia Boggartseko bi jokalari dira, baina gauza bat dutena komunean: quadballa haien bizitzetan sartu zen eta ez da atzera bueltarik egon.

Zer topatuko duzue lehen atalean

Atala podcasteko bi ahotsen aurkezpenarekin hasten da, bakoitzak kirolarekin duen istorio pertsonala kontatuz. Anek 10 urte baino gehiago daramatza quadballaren munduan, 14 urte zituela Frankfurteko txapelketa bat ikustera joan zen eta buruan ideia bakarra zuelarik itzuli zen etxera: entrenatu. Adri, berriz, duela urtebete baino gutxiago iritsi zen eta Belgikan jokatutako Mundu Kopan estreinatu zen Euskal Selekzioarekin.

Atalean zehar quadballaren inguruko azalpen erraz bat topatuko duzue ezagutzen ez duzuenontzat. Horrez gain, kirol hau berezi egiten duenaren inguruko hausnarketa bat ere topatuko duzue, bai eta audio bilduma bat, non lagun eta senideek haien lehen usteak partekatzen dituzten, une gogoangarri batzuekin.


Zelaiaz haratago doan kirol bat

Atalaren gai nagusienetako bat quadballa kirola baino zerbait gehiago dela da. Espazio misto eta inklusibo bat da, non denentzako lekua dagoen, gaitasun fisikoa, kirol esperientzia edo nortasuna edozein delarik ere.

Jokalariek autofinantzatzen duten kirol federatu gabea izanik, egiten dugun formatu berri bakoitza ahalegin kolektibotik dator. Eta podcast hau ez da salbuespena.

Lehenengo atal hau gustatu bazaizue, utzi iruzkin bat bideoan eta kontaiguzu quadballa non ezagutu zenuen edo zein izan zen zure lehen inpresioa. Eta ez ahaztu emoji sekretua uzteaz…

Fotografía de la euskal selekzioa junto a la selección catalana en la copa de naciones 2025

Euskal Selekzioak Espainia mailan errekonozimendu ofiziala lortzeko pauso berri bat eman du

Gaur, abuztuak 3, Euskadi Quadballek estatutu aldaketa proposamen bat egin du Asociación Quadball Españako (AQE) batzarrean, elkartearen barnean selekzio nazionalen existentzia eta garapena onartzeko asmotan.

Bai Euskadi Quadballeko Zuzendaritza Batzordeak eta bai Bizkaia Boggarts klubak aurkeztu aurretik onetsitako ekimen honek AQEren estatutuek urteetan zehar existitu den kirol errealitate bat islatzea du helburu. Euskal Selekzioaren kasuan, bere bidea 2018an hasi zen Gasteizen ospatutako Eskualdearteko Kopan eta ordutik nazioarteko hainbat lehiaketetan izan da euskal quadballaren ordezkari.

Bidaia honetako pauso erabakigarri bat 2024ko urriaren 16an gertatu zen, AQEko batzarrak Euskal Selekzioak 2025eko Munduko Txapelketan parte hartzeko eskaeraren alde bozkatu zuenean. Parte hartzeko Espainiako elkartearen baimena behar zen, baita Nazioarteko Quadball Elkartearen (IQA) aitorpena ere. Horrek, bi erakundeen aldetik Euskal Selekzioaren lehen errekonozimendu ofiziala ekarri zuen. Prozesu honen ondorioz Euskal Herriak Brusela-Tubizen (Belgika) ospatutako 2025eko Munduko Quadball Txapelketan lehiatu ahal izan zuen uztailaren 11tik 13ra, eta bertan 22. postua lortu zuen mundu mailan.

Esperientzia honek bost urte baino gehiagoko historia duen kirol proiektu honen sendotzea erakusten du. Eta hazten jarraituko du Salouen jokatuko den European Games 2026, Europako selekzio nazionalen txapelketan, parte hartzeko asmoarekin.

Proposamen honek Eskualdeko Selekzio Nazionalak ofizialki aitortu, haien aitorpenerako baldintzak ezarri eta elkartearen barruan duten funtzionamendua definitzen du. Hau AQEko araudian txertatzea da helburua, beti ere quadballaren hazkundea sustatzeko, nazioarteko ordezkaritzarako aukerak zabaltzeko eta kirolaren parte diren erakunde desberdinen arteko lankidetza indartzeko xedearekin.

Nazioarteko kirol batean Euskal Selekzioaren aitortza ofiziala oso gutxitan ematen den gertaera da. Euskadi Quadballentzat errekonozimendu honek quadballa aniztasunarekin eta inklusioarekin konprometitutako kirola dela erakusten du, hauek iraganean bere garapena definitu duten balioak izanik. Eta aniztasun hau ez da kirol honek ezaugarri bezala duen genero-alderdira mugatzen, identitate nazional desberdinen errespetura eta ordezkaritza-eredu anitzen elkarbizitzara ere zabaltzen da.

Prozesu honekin Euskadi Quadballek kirolaren garapenarekiko eta aniztasuna islatzen duen antolakuntza-eredu bat eraikitzeko duen konpromezua berresten du, parte-hartze handiagoa sustatuz eta jokalari eta klubentzako aukera berriak sortuz.

Proposamen hau AQEko batzar nagusian aurkeztu eta eztabaidatuko da, bere estatutuetan ezarritako prozedura jarraituz.

Jarraian, aurkeztutako zuzenketa kontsulta dezakezu: