Escenaro de la Navarra Lan Party frente al resto de ordenadores

Quadballa Lan Partyra itzuli da… oraingoan Nafarroan!

Euskadi Quadballek bat egiten du Nafarroa LAN Partyrekin, hil honetan Nafarroan teknologiari buruz egingo den ekitaldirik handienarekin. Larunbat arratsaldean, irailaren 5ean, LAN Partyra bertaratzen zaretenok gure standera hurbildu ahal izango zarete quadballa ezagutzera, kirola probatu ere egin ahal izango duzue.

Quadballa errugbia, eskubaloia eta brilea konbinatzen dituen kirol misto eta inklusiboa da. Euskadi Quadballek informazio postu bat eramango du Lan Partyra eta kirola ezagutzeko jarduera ezberdinak antolatuko ditu.

Quadball eta bideojokoak?

Ziuraski ez zenekiten, baina badira jada gure kirolean oinarritutako hainbat joko. Eta ez, ez gara Quidditch Champions edo Harry Potter: Quidditch World Cup jokoei buruz ari. Quadballaren elkarte barruan sortu diren jokoei buruz ari gara, IQAren arautegi ofiziala jarraituz.

Courtyard Broomball

Izen bitxia, ezta? Courtyard Broomball 2018an sortu zen, gure kirola quadball izenera aldatu baino lehenago, eta quidditch izenak zekarren copyright demanda saihestu behar izan zuen. Early Acessetik atera ez zen joko honetan benetako jokalariekin jokatu zaitezke; Héctor Cabrera bera izan dezakezu zure taldean bilatzaile gisa adibidez.

Trihoop

Trihoop beste eskapada bat da Warner Brosen copyrightari ihes egiteko. Proiektu berri honetan quadball talde baten entrenatzaileaizango zara eta kontrako taldearen eraso eta defentsei aurre egiteko estrategia ezberdinak aukeratu beharko dituzu. Horretarako, defentsa eta erasorako formazio ezberdinak izango dituzu. Gai izango al zara eraso eta defentsa bakoitzaren indargune eta ahuluneak aurkitzeko?

Gainera, ez duzu zertan edozein talderekin jokatu. Euskal Selekzioaren entrenatzailearen lekua har dezakezu eta 2025eko Quadball Mundu Kopan Eskoziaren aurkako partidua berriro bizi ahalko duzu. Benetako partiduan, Euskadik 22.postua lortu zuen garaipen horrekin.

Euskadi eta Eskozia aurrez-aurre Trihoopen web orrialdeko pantaila-irudian.

Euskadi Quadballen podcasta: hasi da lehen atala

Euskadi Quadballek beste pauso bat eman du kirola sustatzeko apustuan eta bere podcast propioa estreinatu du. YouTuben jada ikusgai, lehen atal honek ate berri bat irekitzen du quadballaren inguruan hitz egiteko modu berri batekin: filtrorik gabe eta barrutik bizi duten pertsonekin.

Gune berri bat quadballarentzat

Quadballa jende gehiagorengana eramatea izan da betidanik Euskadiko Quadball Elkartearen helburuetako bat. Sare sozialak, txapelketan, hitzaldiak ikastetxeetan… eta orain podcasta.


Lehen atala Ane eta Adrik aurkezten dute. Oso ibilbide desberdina duten Bizkaia Boggartseko bi jokalari dira, baina gauza bat dutena komunean: quadballa haien bizitzetan sartu zen eta ez da atzera bueltarik egon.

Zer topatuko duzue lehen atalean

Atala podcasteko bi ahotsen aurkezpenarekin hasten da, bakoitzak kirolarekin duen istorio pertsonala kontatuz. Anek 10 urte baino gehiago daramatza quadballaren munduan, 14 urte zituela Frankfurteko txapelketa bat ikustera joan zen eta buruan ideia bakarra zuelarik itzuli zen etxera: entrenatu. Adri, berriz, duela urtebete baino gutxiago iritsi zen eta Belgikan jokatutako Mundu Kopan estreinatu zen Euskal Selekzioarekin.

Atalean zehar quadballaren inguruko azalpen erraz bat topatuko duzue ezagutzen ez duzuenontzat. Horrez gain, kirol hau berezi egiten duenaren inguruko hausnarketa bat ere topatuko duzue, bai eta audio bilduma bat, non lagun eta senideek haien lehen usteak partekatzen dituzten, une gogoangarri batzuekin.


Zelaiaz haratago doan kirol bat

Atalaren gai nagusienetako bat quadballa kirola baino zerbait gehiago dela da. Espazio misto eta inklusibo bat da, non denentzako lekua dagoen, gaitasun fisikoa, kirol esperientzia edo nortasuna edozein delarik ere.

Jokalariek autofinantzatzen duten kirol federatu gabea izanik, egiten dugun formatu berri bakoitza ahalegin kolektibotik dator. Eta podcast hau ez da salbuespena.

Lehenengo atal hau gustatu bazaizue, utzi iruzkin bat bideoan eta kontaiguzu quadballa non ezagutu zenuen edo zein izan zen zure lehen inpresioa. Eta ez ahaztu emoji sekretua uzteaz…