Euskadi Quadballen podcasta: hasi da lehen atala
Euskadi Quadballek beste pauso bat eman du kirola sustatzeko apustuan eta bere podcast propioa estreinatu du. YouTuben jada ikusgai, lehen atal honek ate berri bat irekitzen du quadballaren inguruan hitz egiteko modu berri batekin: filtrorik gabe eta barrutik bizi duten pertsonekin.
Gune berri bat quadballarentzat
Quadballa jende gehiagorengana eramatea izan da betidanik Euskadiko Quadball Elkartearen helburuetako bat. Sare sozialak, txapelketan, hitzaldiak ikastetxeetan… eta orain podcasta.
Lehen atala Ane eta Adrik aurkezten dute. Oso ibilbide desberdina duten Bizkaia Boggartseko bi jokalari dira, baina gauza bat dutena komunean: quadballa haien bizitzetan sartu zen eta ez da atzera bueltarik egon.
Zer topatuko duzue lehen atalean
Atala podcasteko bi ahotsen aurkezpenarekin hasten da, bakoitzak kirolarekin duen istorio pertsonala kontatuz. Anek 10 urte baino gehiago daramatza quadballaren munduan, 14 urte zituela Frankfurteko txapelketa bat ikustera joan zen eta buruan ideia bakarra zuelarik itzuli zen etxera: entrenatu. Adri, berriz, duela urtebete baino gutxiago iritsi zen eta Belgikan jokatutako Mundu Kopan estreinatu zen Euskal Selekzioarekin.
Atalean zehar quadballaren inguruko azalpen erraz bat topatuko duzue ezagutzen ez duzuenontzat. Horrez gain, kirol hau berezi egiten duenaren inguruko hausnarketa bat ere topatuko duzue, bai eta audio bilduma bat, non lagun eta senideek haien lehen usteak partekatzen dituzten, une gogoangarri batzuekin.
Zelaiaz haratago doan kirol bat
Atalaren gai nagusienetako bat quadballa kirola baino zerbait gehiago dela da. Espazio misto eta inklusibo bat da, non denentzako lekua dagoen, gaitasun fisikoa, kirol esperientzia edo nortasuna edozein delarik ere.
Jokalariek autofinantzatzen duten kirol federatu gabea izanik, egiten dugun formatu berri bakoitza ahalegin kolektibotik dator. Eta podcast hau ez da salbuespena.
Lehenengo atal hau gustatu bazaizue, utzi iruzkin bat bideoan eta kontaiguzu quadballa non ezagutu zenuen edo zein izan zen zure lehen inpresioa. Eta ez ahaztu emoji sekretua uzteaz…



Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!